XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

65. Igelak errege eske.

Igelak, bizi ziran naasmen ta legerik ezaz gogait eginda, aldun talde bat bialdu eutsoen Zeus'i, errege bat emon egioela eskatzeko.

Zeus'ek, arein ergel-izatez errukiturik, enbor bat bialdu eutsen egozan ur-osiñera.

Igelak, egur aren otsaz bildurtuta, potzu barrenean gorde ebezan euren buruak; azkenez, egurrak ez egiala zirkiñik konturatu ziranean, ur-azalera igon eben barriro; eta enborra ain geldi ta bare ikusiaz, saltuka asi ziran aren gaiñetik, ezelango lotsa bage bizkarrean be ezarri ta kili-kili egiten eutsoela.

Enbor geldo bat nagusitzat eukela-ta, lotsaturik, Zeus'en aurrera joan ziran barriro be, erregea, lengoa ergela zala-ta, aldatu egioela eskatuaz.

Zeus'ek, asarre, ur-sugetzar bat bidali eutsen.

Ziraun ikaragarri arek, ostera, danak arrapau ta banan-banan iruntsi egin ebazan.

Ipuin onek auxe darakusku: obe da gizaseme ergel ta gaiztakeri gabeak zuzendua izatea, gartsu ta gaiztoak baiño.

66. Auzoko ugarazioak.

Zingira sakonean bizi zan ugarazio bat, bidetik aldendu samar; beste bat, aren auzokoa, bide egaleko osiñean.

Zingirakoak sarri esaten eutson auzokoari, bizi izaten, bere ondora joateko; an obeto ta seguruago biziko zala.

Baiña, etzan bestea errez zuritzekoa: bere oitura zarrez jantzita eukan bizitegia egaberan iztea aldatz-gora egiten.